Azken berriak
Udan irakurtzeari ez uzteko hamar gomendio.
23-07-2018
Haurrek udan irakurtzeari ez uzteko hamar gomendio
Haur eta gazteak irakurzaletzea ez da lan erraza izaten beti. Irakurtzeko ahalegin bat egin beharra dago. Batez ere, irakurtzen ikasten ari garenean edota irakurtzeko ohiturarik ez dugunean. Argi dago ahalegin horren saria ez dela nolanahikoa, baina ez gara guztiok maila berean ahalegin bat egiteko prest egoten eta ez dugu denok frustrazioari aurre egiteko gaitasun bera. Hala ere, lortu duzu zure seme-alabek irakurtzea. Zorionak! Ordea, uda heldu da eta, harekin batera, ohitura aldaketak. Liburua bazterrean uztea ekiditeko gomendio batzuk proposatu nahi dizkizugu:
- Sortu ohitura berriak: eman dezagun ikasturtean zehar oherako ordua zela irakurtzeko garaia. Orain, hurrengo egunean goiz jaiki beharrik ez badaukagu, herriko jaiak baldin badira, oporretan joan bagara, agian ez dugu izango gogorik oherakoan irakurtzeko. Bila dezagun beste une bat. Esate baterako, bazkalostea une aproposa izan daiteke. Telebistaren aurrean lotan geratu beharrean, liburua hartu eta tarte batez irakurri dezakegu. Itzala bilatu eta eguneko ordurik beroenak ekidingo ditugu horrela, gainera.
- Bilatu udan biziko ditugun esperientziekin zerikusia duten liburuak. Landetara goaz oporretan? Irakur dezagun Belle, landetako sirena. Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko asmoa duzu? Irakurri Leireren opor miresgarriak. Museora joan zara? Arte Begiko sailean topatuko duzu zure liburua!
- Eraman liburuak leku guztietara: bidaian, hondartzara, mendira... Liburu bat beti izango da lagun aparta. Eta lagun berriak egiteko aitzakia ere bai.
- Ezagutu herriko liburutegia. Eskola askotan liburutegia daukatenez, ikasle askok eskolako liburutegia erabiltzen dute ikasturtean zehar. Uda une aproposa izan daiteke Udal Liburutegia ezagutzeko. Gainera, baliteke bertan udako ekintzak topatzea: kontalariak, txangoak, tailerrak...
- Hitz egin zure seme-alabekin irakurritakoari buruz: konta diezazutela zer irakurri duten, horretarako gogorik baldin badute.
- Irakurri liburuak ozen. Zuk zure seme-alabei eta zure seme-alabek zuri.
- Aurreko gomendioarekin lotuta, badira liburu benetan dibertigarriak ozen edo taldean irakurtzeko. Esaterako, Errima Errebeldeak edo Ditxosozko Ditxolaria. Umorezko liburuak hautatzen badituzu, tarte ederra pasako duzuelako zalantzarik ez dugu.
- Hartu ideiak udan irakurritako liburuetatik eta idatzi horrekin antzezlan txiki bat. Gero, etxeko guztiek antzeztu beharko duzue. Etxea apur bat hankaz gora jarrita antzezlekua prestatzeko aukera ederra izan daiteke hau. Izarak, arropa zaharrak, aurpegirako margoak erabiliz girotu dezakezue zuen antzezlana.
- Ez behartu. Uda gozatzeko da, eta horrela ulertu behar dugu irakurketa: gozatzeko tresna bezala. Hala ere, irakurketa saritu dezakegu beharrezkoa dela ikusten badugu. Esate baterako, haurrak udan irakurriko dituen liburu kopurua zehaztu eta kopuru hori irakurriz gero sari bat izango duela esan diezaiokegu. Sari sinple bat zer izan daitekeen? Berak nahi duen liburua liburu-dendara aukeratzera joatea edo liburu horiek irakurri dituelako ziurtagiri polit bat egitea (bere adinaren arabera, noski; ziurrenik, nerabe bati, ziurtagiriarena txorakeria irudituko zaio).
- Azkenerako utzi dugu gomendiorik garrantzitsuena: irakurri ezazu zeuk eta izan zaitez zure seme-alabentzat eredu. Ez gara sekula hau esaten nekatuko.
Gomendio hauek lagungarriak direla uste duzu? Baduzu zuk beste gomendiorik? Udako liburu proposamenak ere topa ditzakezu beste argitalpen honetan.
Liburu gomendatuak