Azken berriak

Joseba Santxo idazlea. Argazkia: Hodei Torres / HIRUKA

Joseba Santxo: «Hondartza unibertsoa da nire barne iruditerian»

Udazkenean kaleratu zuen Joseba Santxo idazle eta itzultzaileak Nire baitako ahotsak mikroipuin bilduma, jolas literarioa eta itsasoaren irudia aitzakia hartuta, eguneroko hamaika konturen lekuko izan eta horiekin hausnartu nahiz irakurketaz gozatzeko aukera emaren duen liburua. Eta hori gutxi balitz, zu ere idaztera bultzatzeko erronka proposatzen duena. Berarekin hitz egin dugu mikroipuinon nondik norakoez. 

Mikroipuin bilduma berezia da honakoa. Alde batetik mikroipuinak ditu, baina baita ere haien atzean idazle bezala gogoan izan dituzun arrazoi eta asmoak biltzen dituzten testuak, besteak beste.

Literatura prozesu konplexua dela uste dut. Azken produktua testua da. Baina testuaren aurretik eta ostean badira testua bera bezain inportanteak izan daitezkeen atalak. Liburu honen bigarren zatian aurretiko prozesu hori erakusten dut, hau da, testua sortzera iritsi baino lehenagoko pausua: ideiak, aukerak, eraginak, erabakiak… Ostekoa liburuaren aurkezpenetan jasotzea espero dut. Era honetara, idazleak ibilitako bidea atzekoz aurrera egitea proposatzen diot irakurleari. Idazleak lehenik ideiak lantzen ditu eta ondoren idatzi. Liburu honetan irakurleak lehenik literatura testuak irakurriko ditu, eta ondoren, idazleak idatzi aurretik zer ideiatatik abiatu zen ezagutuko. Horretan irakurlea idazte prozesu osoaz jabetzea izan dut helburu. Lortuko ahal dut!

Liburuaren amaieran azaldu duzu mikroipuinak Whatsapp bidez lagun bati bidaltzen hasi zinela liburua osatu aitzin, eta sare sozialak idazten hasteko tresna egokiak izan daitezkeela aipatu.

Nik ezin dut hitz egin idazle guztien ahotik. Egongo da aurretiko feedbackari garrantzirik ematen ez dion idazlerik. Baina nik bai ematen diot, feedback hori nire proposamenaren parte bilakatzea nahi dudalako. Ez dut ukatuko nire testuen bidez erreakzioak bilatzen ditudala irakurleengan. Edozelakoak. Denak ditut ikasgarri eta aberasgarri. Liburu honetako mikroipuinen feedbacka orokorrean oso ona izan da. Iritzi gehienak positiboak izan dira, eta baten bat negatiboa. Positiboek adoretu naute gehien. Negatiboetatik ikasi dut gehien. Asko ari zara ipuinotan giza harremanez eta bizitzari buruzko gogoetez. Zerk eraman zaitu horra? Subkontzienteak. Aurretiaz ez nuen hartu gai batean edo bestean sakontzeko erabakirik. Nire baitako ahotsak du izena liburuak. Eta horixe da azken batean. Nire barnean zeuden mintzoak, sentipenak eta joerak, mikrotestutan islatuta. Giza harremanak denean daude egungo bizitzan, eta ertz asko dituzte. Nik horietako batzuk baino ez ditut jorratu ipuinotan. Izango dute segidarik.

Liburuan badago umorea, hitz-jolasak, euskalkien eta batuaren erabilera… baita bertso bat ere! Esan nahi al du horrek mikroipuinak idazteko ez dagoela batere araurik?

Ondorio bat izan daiteke hori. Eta araua balego ere, arau hori apurtzea tentagarri litzateke idazle jendearentzat. Hizkuntza komunikazio tresna da. Labana batekin konpara liteke, arina eta praktikoa delako. Baina labana izatekoten ere, erabilera anitzeko labana litzateke. Ni saiatzen naiz nire testuetan hizkuntzaren baliabide guztiak erabiltzen, edo albait gehien, erabilgarrienak, eragingarrienak.

Gizakiez gain esan liteke hondartzak direla liburuko protagonistak. Liburuko azalak ere hondartza baten itxura du. Zertan lotzen dituzu hondartzak eta mikroipuinak? Zertan dute antza irakurle nahiz idazle bezala?

Hondartza unibertsoa da nire barne iruditerian. Gogoko ditut hondartzak lipar batean igaro daitezkeelako ekintzaleku izatetik pentsaleku izatera. Alde handia dago udako hondartzatik negukora. Nik biak ditut maite. Liburu honetan udako hondartzak azaltzen dira, baina neguko hondartzetako sentimendu kargarekin. Idazlea harea alea da hondartzan eta irakurlea ur tanta itsasoan. Nire barruko idazleak itsasoari begira idazten du, eta olatuetan jasotzen du feedbacka. Atsegin dut aldian-aldian itsasgorak hondartza osoa bustitzea.

Irakurleak animatuko zenituzke haien ipuinetan haientzat inspiragarri diren bideo-jokoetako erreferentziak, entzuten duten musikari buruzkoak, unean uneko modari buruzkoak… txertatzera?

Literatura hizki larritan ez dugu inoiz definitzen amaituko, handiegia eta aldakorregia baita. Baina badira literatura txikiak, hurbilagokoak, ukigarriagoak, irensgarriagoak. Oraintsu irakurri diot Annie Ernaux literaturako nobel izendatu berriari edozein istoriok merezi duela kontatua izatea. Mikrokontakizunetan unibertso osoak sar daitezke. Irakurleak euren bizitzako aktoreak dira, gara. Eta nik, aktore ez ezik, gidoilari ere izatera bultzatu nahi nituzke. Irakurle moduan, irrikaz nago nire ingurukoan mikroliteratura jasotzeko, eta horretan txertatzen den oro da aberasgarri eta kolore-emaile.

Zaharra eta berria biak jarri dituzu zalantzan. Lagun onak al dira zure ipuinetan kritika eta umorea?

Zalantza nire entsalada guztietako osagarri izaten da. Zalantza bizi dugu eta zalantzak bizi gaitu. Gizakiaren ezaugarritzat daukat nik ezbaia, batere dudarik gabe. Zalantza osagarri bada, umorea ongailu. Ironiazko umorea dut maiteen. Umore abdurdoa gero eta gogokoago, absurdoa badirudi ere. Eta kritika… zalantza bezain berezko dugula esango nuke nik. Ahoa zabaltzen dugunekoxe hor izaten da. Eta izan bedi!

Mikroipuinetako batzuetan azaltzen duzu zientziaren eta irudimenaren arteko gatazka eta elkarbizitza. Zer behar dugu literaturan uneotan? Zientzia gehiago ala irudimen gehiago?

Literatura gehiago, literaturan biak azaltzen baitira. Proportzioa garaian garaiko gizarteak doituko du. Zientzia hutsa ez dago edonoren esku (zorionez). Sortzaile hutsak gutxi dira (besteok hango eta hemengo ideiak uztartzen bizi gara). Baina literatura demokratizatzearen aldekoa naiz ni. Benetako artelan puskak irakurtzen ditut egunero sare sozialetan, garaikideak, biziak, zorrotzak, sakonak, ingeniotsuak… seguru asko ez direnak inongo literatura antologiatan agertuko. Hortik edatea ere badugu. Eta edatetik edaratera klik bat dago.

Ver esta publicación en Instagram

Una publicación compartida de Begiko (@begiko_zubia)

Lotutako egileak