Azken berriak
Eskola jazarpenik gabeko ikasgela
02-05-2019
Eskola jazarpenik gabeko ikasgelarako gakoak: irakasleentzako bost ideia
Aurreko batean eskola jazarpen motei buruz hitz egin genuen. Oraingoan, ideia sinple batzuk gogora ekarri nahi dizkizugu: eskola jazarpenik gabeko ikasgela baterako gakoak, hain zuzen ere.
- Hitz egin gaiari buruz zure ikasleekin eta irakatsi zein gai serioa den. Bullying egoerak ezagutzen irakats diezaiekezu, horrelako egoeretan nola jokatu behar duten esan... eta, batez ere, ez ezazu biktimarik errudun bilakatu: ez eskatu erasotuari erasotzaileak ulertzeko ahalegina egin dezan, ez jarri bere gain horrelako erantzukizunik.
- Utzi zure ikasleei horrelako egoerei aurre egiteko konponbideak proposatzen. Horrek lagunduko die ulertzen denon betebeharra dela eskola jazarpenari aurre egitea.
- Erabili rol jokoak taldeka. Egoera zehatzak azaldu eta egoera horietan zer egingo luketen hausnartzeak enpatia garatzen laguntzen die ikasleei. Gainera, rol jokoen bidez, bestelako eztabaidetan gutxiago parte hartzen duten ikasleek ere hitz egiteko tartea izango dute.
- Sustatu giro seguru eta inklusiboa ikasgelan: ulertarazi ikasleei ikasgelan beraiek diren bezalakoak izan daitezkeela, errespetutik beti ere. Irakaslearenganako konfidantza izan dezaketela erakutsi. Inoiz erasotuak izaten badira zugana jo dezaketela jakingo dute horrela.
- Erasotzaileei laguntza eskaini. Erasotzaile diren ikasle asko, izatez sufritzen ari dira. Etxean zerbait oker dago, beste norbaitek erasotzen ditu, ez dute bere buruarenganako ziurtasunik... Moztu jokamolde okerrak, baina eskaini laguntza beraien egoera bideratzeko.