Azken berriak
Badator iraila.
29-08-2018
Begikoren iraileko irakurketa erronka
Abuztua bere azken hatsean da. Irailak udako azken egunak dakartza, ikasturte berria, beste hasiera bat. Baina, batez ere, irakurtzeko une ezin aproposagoa da iraila! Ikasturtea hasiera ez da gogorregia izaten, tenperatura jasangarriagoa izaten hasiko da, baina eguzkiak ordu luzetan dirau oraindik zeruan. Batuko zara iraileko irakurketa erronkara? Une ezin ederragoak irakurriko dituzu.
- Ikasturtea hasi baino lehen, liburu labur bat irakurtzea proposatzen dizugu, erraz-erraz eta samur-samur horietakoa. Gai izango zara egun bakarrean horrelako bat irakurtzeko?
- Irailean ospatzen da Hizkuntzen Europako Eguna. Zenbat hizkuntza dakizkizu? Hainbat hizkuntza, hainbat liburu!
- Aukeratu liburu bat (edo hartu esku artean dagoeneko irakurtzen ari zaren hori) eta irakurri begiko duzun pasarte bat senide edo lagun bati: adibidez, aiton-amonei. Ez al da ideia bikaina?
- Hartu eskolako liburutegian, lagun batekin batera, istorio laburren liburu bat. Bakoitzak bat irakur dezala eta gero elkarri kontatu.
- Har ezazu parte zure herriko edo auzoko liburutegiko ekintzaren batean. Ipuin-kontalariak, tailerrak... antolatzen al dituzte zure liburutegian? Hala ez bada, eska iezaiozu zure liburuzainari liburu bat aukera diezazun.
- Komikiak eta nobela grafikoak ere liburuak dira, bai horixe! Zergatik ez duzu bat oherakoan irakurtzen? Umore onez jaikiko zara hurrengo egunean eta errazagoa izango da eskolara joatea.
- Dirurik baldin baduzu edo gurasoak ados badaude, herriko liburu-dendan liburu bat erosi dezakezu: gehien atsegin duzun gaiari buruzkoa. Gai aspergarriei buruzko liburuak aukeratzea debekatuta dago!
- Irailaren 29a Bihotzaren Nazioarteko Eguna da. Bi aukera dituzu: giza gorputzari buruzko liburu bat edo amodiozko istorio bat kontatzen duena irakurtzea.
- Irakurri filma ere badaukan liburu bat. Adibidez, Matilda. Zer duzu nahiago? Liburua ala filma?
- Zerrenda bukatutakoan zure esperientzia sare sozialen bidez kontatu dezakezu. Ez ahaztu Begikoren sareak txio edo argitalpen horietan etiketatzea!
Zerrenda PDF formatuan jaitsi nahi duzu? Jaitsi ondoko irudiaren gainean klik eginda:
Liburu gomendatuak